XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berak galde egin ezean, inoiz ez zen bere aitaz hitz egin etxe hartan.

Eginahalak eginda ere, ezin izan zuen sekula ezer garbirik atera, eta gogoz kontrako gai hura ukitzean, beti ateratzen zuten urjentziazko beste mintzagairen bat eta haren atxakiaz, nahi gabe bezala, ohartzeke lez, uko egiten zioten hartaz hitz egiteari eta buru-belarri murgiltzen ziren estakuruaren eztabaida luzean.

Gainerantzean, andre haiek ondo zaindua zen Fermin.

Bakarra dugunok ezin dugu jakin ama mordoska bat ingurubueltan izatea zer den.

Baina gizonezko batek bere gizontasuna mardultzeko eta osotasunean eusteko, jatorriaren berri zehatzak behar zituela uste zuen Ferminek.

Aitagoak ezaguna behar zuela zeritzon.

Bestela ez zitekeela, jatorriaren ilunpekotasunak eraginda, erabateko nor izan.

Hutsune eta zulo hura bere baitan estaltzeko, amaren gaztetako laprastada baten ondorio zela pentsatu izan zuen beti, eta izebek hartaz lotsaturik eta izkutatu nahian, argibidea estali egiten ziotela pentsatzen zuen betidanik.

Hala ere, bere amak noizpait zintzoki aitortuko balio, erabakia zeukan hori ez zela ezer eta edonori gerta lekiokeela esatea.

Aitona-amonen berri, aldiz, ugari jaso ahal izan zuen txikitandik.

Nahiz eta berak ezer ez galdetu, alaba maitagarri batzuk lez hitz egiten zuten beti beren gurasoez: Amantxi, ama, andre garbi, fin eta langilea zen, aita Felix, gizon azkarra eta zuzena.

Amari esker batez ere, erlijioaren babesean hezitakoak ziren denak.

Baina azken alabaz erditzean, zoritxarrez, emaztea hil zitzaion, behar baino lehen, aitonari.

Felix hamabi alabaren arduradun bakar geratu zen Agerren.